Bermeo Tuna World Capital elkarteak Oihane Agirregoitia eurodiputatuaren bisita hartu du, jasangarritasunari dagokionez 360º liderra den hegaluzearen eta atunaren balio-katea ezagutzeko.
Bermeo, 2025eko urtarrilaren 17a – Bermeo Tuna World Capitalek (BTWC) Oihane Agirregoitia (EAJ) eurodiputatua hartu du 2025eko urtarrilaren 17an egindako bisita ofizialean, atuneta hegaluzearen sektorearen erronka eta aukerei helduz. Eurodiputatuak BTWCko kide diren erakundeek zuzentzen duten balio-katea zuzenean ezagutzeko interesa erakutsi du, sektorearen iraunkortasun integralaren aldeko apustu irmoari esker.
Jardunaldian, Agirregoitiak bilerak izan ditu sektoreko eragile nagusiekin Bermeon, eta, horri esker, elkarrizketa emankorra izan da industriak dituen erronkei eta Europatik har daitezkeen laguntza-neurriei buruz.
Bisitaren jarduera nabarmenen artean hauek izan dira:
– Bilera Bermeoko Arrantzaleen Kofradiarekin: Topaketa honetan, arrantza-baliabideen kudeaketa iraunkorraren garrantzian, kofradiaren antolaketan eta Europako politikek artisau-arrantzan duten eraginean sakondu da.
– Bilera kontserba-sektoreko empresa-buruekin: Tokiko kontserba-enpresetako ordezkari nagusiek sektorearen pisu ekonomikoa azaldu dute, baita kostuak handitzearekin, araudiak betetzearekin eta nazioarteko lehiarekin lotutako erronkak ere.
– Bilera atunontzi izoztaileen armadoreekin: Funtsezko gaiak jorratu dira, hala nola iraunkortasuna, produktuen trazabilitatea eta EB-Tailandia Merkataritza Libreko Akordioaren balizko eragin negatiboa. Gainera, Europako enpresentzat bidezko lehia-baldintzak ezartzeko beharra nabarmendu da, hirugarren herrialdeen aurrean.
Bisita amaitzeko, bazkari bat egin dute Eusko Jaurlaritzako Portu eta Arrantza zuzendariekin batera. Topaketa horri esker, harremanak sendotu eta elkarrizketarekin jarraitu ahal izan dute ingurune informalago batean, bertaratutakoek tokiko gastronomiaz gozatzen zuten bitartean.
Bisita oso positiboki baloratu dute alde guztiek, arrantza-sektorearen jasangarritasuna eta lehiakortasuna sustatzeko nazioarteko lider gisa BTWCk duen zeregina berretsiz, eta, era berean, balio izan du instituzioetako arduradun berriei elkartea osatzen duten erakundeen lankidetzarako borondatea helarazteko, balioa eta jarduera ekonomikoa sortzen jarraitzeko, enplegua sortzeko eta tokiko eta nazioarteko garapen ekonomikoari laguntzeko, beren jarduerak egiten dituzten tokietan bertan.

