Bermeo Tuna Forum 2027 · 

apirilak 30 - maiatzak 1 eta 2

00

Egun Egun

00

Ordu Ordu

00

Minutu Minutu

Hasiera » Gaurkotasuna » Bermeo Tunak TUNIren Unibertsoa aurkeztu du, atunaren eta hegaluzearen balio-katea ikasgeletara hurbiltzeko

Bermeo Tunak TUNIren Unibertsoa aurkeztu du, atunaren eta hegaluzearen balio-katea ikasgeletara hurbiltzeko

02/10/2026

Hezkuntza-proiektuak Bermeoko arrantza-ekosistema eta haren balio-kateko ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-jardunbide egokiak erakusten dizkie Lehen Hezkuntzako ikasleei

Bermeo Tuna presenta el Universo TUNI 3

Bermeo, urriak 1 – Bermeo Tuna World Capital elkarteak (Bermeo Tuna) TUNIren Unibertsoa aurkeztu du Bermeon. Lehen Hezkuntzako ikasleei atunaren balio-katea ezagutarazteko hezkuntza-proiektua da: arrantzatik eta zientziatik hasi, eta eraldaketa, merkaturatze eta kontsumora arte. Bermeo Tunak UN Etxea – UNESCO sustatzeko Euskal Herriko Elkartearekin eta Bermeoko hiru ikastetxeekin lankidetzan garatu du proposamena; UN Etxeak ikuspegi pedagogikoari buruzko aholkularitza eskaini du.

Ekimen hau ikasturte honetan garatuko da, Bermeo-San Frantzisko Herri Ikastetxea, Eleizalde Ikastola eta Colegio Sagrado Corazón Ikastetxeen parte-hartzearekin, proiektu pilotu gisa. Haren helburua da belaunaldi berriek ekonomia urdinerako eta Bermeorako garrantzitsua den jarduera bat ezagutzea, munduan gehien kontsumitzen diren arrainetako batekin lotuta. Proiektuak, hainbat pertsonaiaren bidez, kate hori osatzen duten jardueren aniztasuna eta katearen iraunkortasuna bermatzearen garrantzia aurkezten ditu, ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren dimentsioetan.

Proiektua Lehen Hezkuntzako etapa desberdinetara egokitutako sei ikaskuntza-egoeratan egituratzen da. Jarduera eta esperientzien bidez, ikasleek arrantza-jarduera eta Bermeorekin duen harremana, atunaren eta hegaluzearen balio-katea, etiketatzea eta kontsumo arduratsua, ozeanoen babesa eta emakumeek itsas eta arrantza-lanbideetan duten rola ezagutuko dituzte.

Tunido-espezie desberdinak eta partekatutako balio-katea

Ikaskuntza modu hurbil eta parte-hartzailean errazteko, proposamenak pertsonaien unibertso bat du: Tuni, Bale, Errol, Klik, Kai, Itsas, Sare eta Haize. Pertsonaia horiek ikasleak laguntzen dituzte eduki eta baliabide desberdinetan, besteak beste, komiki batean eta material didaktikoetan.

Proposamenak aukera ematen du ulertzeko zergatik den Bermeo Tunan bildutako ekosistema nazioarteko erreferentea: Bermeorekin lotutako arrantza-jardueraren bolumenagatik eta balio-kate osoan ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren iraunkortasunerako jardunbide egokiak sustatzeagatik.

Ekimenaren helburua tokiko ingurunearen ezagutza ikuspegi globalarekin lotzea da, pertsonen, itsasoaren eta iraunkortasunaren arteko harremana erakutsiz.

Ekimen honen jarraipen gisa, urriaren 4an, igandea, emanaldia errepikatuko da «Itsas Zaporeak» programaren barruan, BBK Kliman, publikoari zabalik egongo den jardunaldi batean. Jardunaldia itsasoari, ozeanoen zaintzari eta itsas ingurunearekin lotutako gastronomiarekin duen harremanari eskainita egongo da. Jardueraren bidez, proiektuaren eduki eta balioak publiko orokorrari helaraziko zaizkio, dibulgazioa, iraunkortasuna eta itsasoari lotutako gastronomia-kultura uztartzen dituen proposamen baten bidez.

Bermeo Tunak eskerrak eman nahi dizkie UN Etxeari, Bermeo-San Frantzisko Herri Ikastetxeari, Eleizalde Ikastolari eta Colegio Sagrado Corazón Ikastetxeari, baita irakasleen eta ikasleen parte-hartzeari ere.

Proiektua Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bermeoko Udalaren babes instituzionalari esker ere garatu da, baita Caja Rural Kutxaren lankidetza pribatuari esker ere.

Lehen esperientzia honen ondoren, Bermeo Tunak materialak UN Etxearekin batera garatzen jarraitzea aurreikusten du, ikastetxeen esperientziatik abiatuta, eta beste testuinguru batzuetan aplikatzeko aukera aztertzea.

Itsasoa ezagutzea zaintzen ikastea da ere bada; eta hori “Bermeoko Erara” gauzak egitea da.

Bermeo Tuna World Capitali buruz Bermeo Tuna atunaren balio-kateari lotutako 40 erakunde baino gehiago biltzen dituen elkartea da, eta eragile dinamizatzaile gisa jarduten du tokiko eta nazioarteko prestakuntza-, dibulgazio-, ikerketa- eta posizionamendu-proiektuak bultzatuz. Bermeoko eredua ekonomia urdinaren polo gisa proiektatzea, etorkizunerako aukerak sortzea eta talentua eta jasangarritasunarekin bat datozen ekimenak erakartzea du helburu.

Medioetarako kontaktua (Komunikazioa)

Leire Egiarte Amezaga (Bermeo Tuna World Capital)
📧 legiarte@bermeotuna.org – 📞 671 70 04 74