Bilbao/Brusela, 2026ko apirilaren 9a – Bermeo Tunak Europako arrantza iraunkorraren etorkizunerako funtsezkoa den nazioarteko topaketa batean parte hartu zuen atzo, apirilaren 8an, Bruselan. Bertan, atunaren balio-katearen eredu integrala aurkeztu zuen, gastronomia, kultura eta iraunkortasuna uztartu zituen esperientzia paregabe baten bidez.
Hitzordua Long Distance Advisory Councilek (LDAC) eta Europako Ekonomia eta Gizarte Batzordeak (CESE) antolatutako nazioarteko mintegiaren parean kokatu zen, Eusko Jaurlaritzarekin, Kanarietako Gobernuarekin eta Andaluziako Juntarekin lankidetzan, “How should the next generation of EU Sustainable Fisheries Partnership Agreements (SFPAs) look like? Multistakeholder perspective” izenburupean. Bertan, Europako arrantza-sektoreko ordezkari instituzionalak, adituak eta funtsezko eragileak bildu zituen.
Testuinguru horretan, Bermeo Tunak ekitaldi paralelo bat antolatu zuen Euskadiren Bruselako ordezkaritzan, izenburu honekin: SUSTAINABLE TUNA EXPERIENCE – Gastronomic Experience from Ocean to Table by Bermeo Tuna.
“Ozeanotik mahaira” murgiltze esperientzia bat izan zen, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bermeoko Udalaren laguntza izan duena, non elaborazio gastronomiko bakoitzak tunido jasangarrien historia islatu zuen, produktuaren, lurraldearen eta arrantza jardunbide onen arteko lotura nabarmenduz.
Ekitaldi horri esker, Bermeo Tunak ordezkatzen duen kate-eredu osoari balioa eman zitzaion, trazabilitatean, jasangarritasunean eta balio-kate osoan partekatutako erantzukizunean oinarrituta, harrapaketatik hasi eta azken kontsumitzaileraino.
“Iraunkortasuna ez da arauen bidez bakarrik eraikitzen, ezagutza partekatuaren, konpromiso kolektiboaren eta epe luzeko ikuspegiaren bidez baizik. Honelako ekimenek balio kate osoa, ozeanotik mahairaino, lotzen duen eredu bat Europara eramateko aukera ematen digute, tokiko nortasun sendoa duten lurraldeetatik inpaktu globala sortzea posible dela erakusten duena” adierazi du Maitane Leizaola Bermeo Tunako zuzendariak.

Era berean, Atunaren Jasangarritasunerako Nazioarteko Adierazpena Europako eragile nagusiei hurbiltzeko plataforma gisa erabili zen hitzordua. Erakundeak berak bultzatutako ekimena da, sektorearen konpromiso globala praktika arduratsu eta gardenekin indartzeko helburuarekin. “Murgiltze esperientzia honekin, atun edo hegaluze lata edo kontserba baten atzean dagoenari balioa ematen saiatu gara, balioa eta garapena sortzen duten pertsonak, komunitatea eta konpainiak. Horretarako, ezinbestekoa da arduraz jokatzen dutenen baliabidea, giza eskubideak eta lehiakortasuna zaintzea “.
Bruselan parte hartuta, Bermeo Tunak berretsi egiten du arrantza-eredu iraunkor, berritzaile eta egungo ingurumen- eta gizarte-erronkekin bat datorrenaren sustapenean nazioarteko erreferente gisa duen eginkizuna.
Izan ere, produktu bakoitzaren atzean zaporea baino askoz gehiago dago: konpromisoa, ezagutza eta erantzukizun partekatua daude.